Skip to main content

Gastronomia Berdea

Mantala-rekin lankidetzan ari gara hamar urteko proiektu batean, elikagaien ekoizpenetik hasi eta kontsumora arte, gastronomiaren balio-kate osoan praktika jasangarriagoak aintzat hartu, egituratu eta sustatzeko asmoz.

11 Ira 2026

Gastronomia Euskadiko identitatearen eta ondarearen parte da, baina eredu jasangarri zein arduratsuagoetarantz bilakatzeko erronkari ere egin behar dio aurre. Helburu horrekin jaio da Gastronomia Berdea 2026-2036, Mantalak epe luzerako begiradaz bultzatutako ekimena, Euskadi gastronomia jasangarriaren alorrean erreferentziazko lurralde gisa kokatzeko asmoz.

0 Kilometroa: lurraldeari lotutako gastronomia

Gastronomia Berdeak arreta jartzen du tokiko produktuan, garaian garaikoan, elikagaien aprobetxamenduan eta jarduera gastronomikoaren ingurumen-inpaktua murriztean. Zentzu honetan, proiektuak zuzenean egiten du bat 0 Kilometroa kontzeptuarekin; izan ere, hurbilen dugunari balioa ematen dio eta lurraldearen, ekoizpenaren, gastronomiaren eta kontsumoaren arteko harreman estuagoa bultzatzen du.

0 Kilometroaren alde egiteak tokiko produktuen eta horiek bideragarri egiten dituzten pertsonen balioa onartzea dakar, bai eta zirkuitu hurbilagoak mesedetzea eta gastronomiaren eta ingurunearen arteko lotura sendotzea ere. Begirada honek ondare gastronomikoa babesten laguntzen du eta, aldi berean, etorkizunera begira eredu jasangarriagoak eraikitzen ditu.

Horretarako, Mantalak lankidetza- eta ezagutza-dinamika egonkorrak sortzea proposatzen du, topaketen, mahai-inguruen, jardunaldien, lan-espazio komunen eta proiektu pilotuen bidez. Sektorearen kohesioa sendotzeko, irizpideak partekatzeko eta balio-kate osoan jasangarritasuna txertatzea ahalbidetuko duten irtenbide berriak finkatzeko modua da.

Orona Fundazioan bat egiten dugu etorkizuneko ikuspegi honekin, bai eta lurraldearen lankidetza, berrikuntza eta garapen jasangarria sustatzen dituzten ekimenekiko konpromisoarekin ere. Gastronomia Berdea babestea proiektu kolektibo bati laguntzea da, gastronomia gure kulturaren funtsezko zati izaten jarrai dezan, gure ingurunea eta etorriko diren belaunaldiak gehiago errespetatuko dituzten ereduetarantz aurrera eginez.

Itzuli gora